Gravela bogan

olatura igo, ez olatuan ito

Urte askoren ostean berriro ekin diot txirrinduan ibiltzeari. Ez gehien maite dudan kirola delako, beti izan dut gogokoago oinez ibili edo korrika egitea, hauekin txandakatuz nire belaunei atseden eman nahi diedalako baizik. Kirol ohiturak aldatzeko erabakia hartu dut beraz, halabeharrez.

Esan bezala ibilia nintzen lehenago ere, ordea, itzulera ez da iruditu daitekeen bezain erraza izan. Armairuan gorderik nituen maillot eta kulotak erabilgaitz aurkitu ditut, goma guztiak erreta ez dute traputarako ere balio. Oinetakoak ere antzera, kalak herdoilduta, txirrinduaren pedal automatikoak bezala, hamabost urte gehiegitxo izan dituzte geldirik egoteko. Uff! Zerotik hasi beharko ote dut ba?

Ez ba! Txirrindu are eta zaharrago bat erabiltzea erabaki dut, berrogei urte urruti izango ez dituena, uhal bidez lotzen diren pedal arruntekoa, boladun pedalier eta direkzioa dituena. Horrelakoxea zen umetan egiten genuen txirrindularitza, zer zen maillota? zer kulota? pedalei eragitea zen kontua, berdin errepide edo gurdibidean. Gaur horri, gurpil estuak jarrita, gravel deitzen zaio. Badakit vintage, retro edo atzerakoi xamarra dela, baina, aspaldiko olatura igo naiz alajaina!